XAKEKO TALDEKAKO EUSKAL LIGA.

(2014ko urtarrilaren 11tik martxoaren 8ra).

 

 

 

OHOREZKO MAILA.

 

 

 

         SESTAO ERRALDOIA GARAITU ZUEN ARRASATE-ARLUTZEK.

 

Euskal Liga ia erdira iritsi da eta zantzu nabarmen batzuk agerian utzi ditu.

 

            Diruak hein batean Euskal Liga utzi du. Ez modu oso nabarmenean, baina 2.600 gorakoek oraindik ez dute jokatu, ezta Sestao taldean ere.

 

            Sestaok dauka talderik onena, baina ez du izugarrizko abantailarik Grosekiko. Beraz, taulan erabaki behar da titulua, faborito garbiegirik gabe.

 

            Laugarren txandak hezur-haragizko jokalariak erakutsi zituen. Futbolean Valenciak Barcelona ahalguztidunari Camp Noun irabazi zion egun berean, Arrasate/Arlutz taldeak ustekabe handia eman zuen Euskal Ligan, Sestaori 2’5-1’5 irabazita.

 

            Horretarako, Francisco Miguel Quinterok eta Aitor Alcaidek Luquek nagusitu behar izan zuten Alfonso Romero eta Mario Gomezen aurrean. Gainera, Asier Etxagibel Larrañagak berdinketa atera behar izan zion Gabriel Del Riori. Eloei begiratuta, ustekabe handiak, baina gertatu ziren.

 

            Bitartean, Grosek ez zuen hutsik egin eta Zuri Baltzari 0-4 irabazi zion. Bi puntuko abantaila nahiko izan daiteke, baina bi oilarren arteko borroka zuzena oraindik geratzen da.

 

            Donibane Kirol Elkartea A da Ruta de Europa taldeari lekukoa hartu diona, hirugarren postuan. Diruak zer ikusirik izan al du Ruta de Europa taldearen desagerpenean? Baliteke. Kontua da Isidro Gete Rodriguez orain Donibane Kirol Elkartean dagoela eta Jesus Iruzubieta Villaluenga Sestao taldean. Ruta de Europako beste bi jokalariak (Alejandro Ruiz Gomez eta Cristobal Limeres Guiance) Euskal Ligatik desagertu dira.

 

            Easoren aurka garaipen garbia lortu zuen Donibanek (0’5-3’5) eta lasai asko hirugarren postuan kokatuta dago.

 

            Conteneo – Batalla lehia berdinketan amaitu zen (2-2). Emaitza ona Bilboko taldearentzat, elo gutxiago baitzuten bere jokalariek.

 

            Orvinak egutegi zaila izan du txapelketa hasieran (Gros eta Sestao izan ditu aurkari dagoeneko). Bere jarduna hobetu behar zuen, azken postuetatik ihes egiteko. Hala ere, ez zen espero hain garaipen garbia San Viatorren aurka (3’5-0’5). Ez dirudi maila mantentzeko arazorik izanen duenik.

 

            Easo, Zuri Baltza eta Arrasate/Arlutz taldeen artean egonen dira jaitsierako bi postuak. Hala ere, horrela segitzekotan, Arrasate/Arlutzek ez du problemarik izanen. Borrokatu egin beharko duela pentsa daiteke, dena den.

 

            Bosgarren txandak transiziozkoa dirudi. Orvina Ak eta Arrasate/Arlutzek aukera izanen dute beren posizioak zehazteko. San Viatorrek erakutsi nahiko du Donibanetik gertuagoa dagoela sailkapenak erakusten duena baino. Grosek errazagoa dauka Sestaok baino. Hala ere, Sestaok Conteneori 4-0 irabaztea ez da harrigarria izanen. Norbaitek Sestaokoen haserrea ordaindu beharko du. Batallak irabazi beharko lioke Zuri Baltzari, baina talde honi komeni zaio puntuak batzen segitzea, amaierari begira.

 

            2014-02-01.

 

                Iturria: Euskal Xake Federakuntza.